Harremanetarako

Euskara Juridikoaren ataria

EHU/UPV

Jakingarriak

UPV/EHUk Botere Judizialaren Lege Organikoa argitaratu du Legeak/Leyes bilduman
LEGEAK/LEYES bildumak zortzi urte bete ditu. Itzulpen-sorta hau egiteko ideia Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren eta UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko Euskara Juridikoaren Mintegiaren arteko lankidetzatik sortu zen.
Proiektuaren muina espainiar sistema juridikoaren oinarrizko legegintza-piezak euskarara itzultzean datza, helburu bikoitz batekin: alde batetik, oinarrizko kontsultarako material eta iturri arauemaileak eskaintzea zuzenbide-arloko profesionalei eta ikasleei; bestetik, erabilera espezializatuko terminoak bilduko dituen
korpus terminologiko bat sortzen laguntzea.
Bi eginkizun horiek Euskal Herriko Unibertsitateari dagozkio. Izan ere, 1980. urteaz geroztik, lehenengo estatutuek eta baita gaur egungoek ere hala ezarrita, hizkuntzaren garapena eta normalizazioa unibertsitatearen zeregin garrantzitsuak izan dira, unibertsitate-alorrean —irakaskuntzan nahiz ikerkuntzan— eta baita alor horretatik kanpo ere. Alde horretatik, Unibertsitateak lehen mailako eginkizuna bete du hainbat jakintza-arlori dagozkien teknolektoen garapenean.
Euskara juridikoaren normalizazioa erronka garrantzitsuenetako bat da euskararen garapen eta erabileran. Guztiok dakigu euskarak leku txikia duela oraindik Justizia Administrazioan. Hizkuntzaren berreskurapena eta estandarizazioa prozesu geldo eta korapilatsua izanik, hainbat abiaduratan garatzen dena aplikazio-eremuaren arabera, begien bistakoa da Espainiako Justizia Administrazioak eta Zuzenbidearen alorrak, oro har, oztopoak jarri izan dizkiotela sistema juridiko eleanitz bat ezartzeari, herritarrak beren hizkuntzan hartuko dituen Justizia Administrazio bat eraikitzeari. Euskara Justizia Administrazioan normaltasunez erabiltzea euskal herritarrek aspalditik aldarrikatu duten eskubide bat da. Zalantzarik gabe, horretarako funtsezko arrazoia Administrazio
horri loturiko eskumenen egituran datza.
Nolanahi ere, oztopoak oztopo, aitortu beharrekoa da indarrean dagoen legediak eta hizkuntza-normalizaziorako neurriek urrats handiak ahalbidetu dituztela alor honetan.
Gaur egun, Botere Judizialaren Lege Organikoaren Erreformatik abiatuta —abenduaren 23ko 19/2003 LOren bidez gauzatua—, hainbat erregelamendu eta araudi sortu dira hizkuntza-normalizaziorako prozesu garrantzitsu bat abiarazteko Justizia Administrazioan. Beraz, aipatzekoa da orain arte eginiko ahalegina ez dela nolanahikoa izan, emaitzak desberdinak izan badira ere hainbat gorabehera medio, eta bereziki nabarmentzekoa da Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten pertsonen konpromisoa euskalduntze-prozesuan eta hizkuntzaren
erabilera bultzatzeko ekimenetan.
Botere Judizialaren Lege Organikoak irismen juridiko handia du zuzenbide publikoaren esparruen multzoan. Hori horrela, eragina du Konstituzio Zuzenbidean —Estatuaren funtsezko Botere bati eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia bezalako organo konstituzional bati eragiten dien aldetik—, Zuzenbide Prozesalean —Epaitegien eta Auzitegien antolakuntza eta funtzionamendua erregulatzen duen aldetik— eta baita administrazio Zuzenbidean ere —erlazio juridiko administratiboak eta administrazio-izaerako prozedurak barne hartzen dituen neurrian, adibidez, Epaileen eta Magistratuen estatutu-araubideari dagozkionak—.
Beste ikuspegi batetik, Botere Judizialaren Lege Organikoa erreferentzia da epaileriaren estatutu juridikoan, «Zuzenbide Judiziala» izenez ere ezaguna, hiru eratako funtsezko alderdiak barne hartzen dituena: alderdi subjektiboak —Botere Judizialaren organoak eta Epaileen eta Magistratuen estatutu-araubidea, baita Idazkari Judizialen eta Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten gainerako funtzionario Kidegoen estatutu-araubidea ere—; alderdi objektiboak —Botere Judizialaren gobernua, Jurisdikzioaren hedadura eta mugak, eta Epaileen eta Magistratuen independentzia—; eta azkenik, alderdi formalak —Organo jurisdikzionalen araubide prozesala, ekinbide judizialen iraupena eta forma, eta hainbat gairi dagozkien prozedurak: hautaketa, lanpostuak betetzea, egoera administratiboak, ikuskaritza eta Karrera Judizialeko kideen diziplinaaraubidea
eta ikuskapena—.
Botere Judizialaren Lege Organikoaren —dokumentu berez luzea— eta haren ondoz ondoko erreformen itzulpenarekin, UPV/EHUko zuzenbideko irakasle-talde baten lan serio eta zorrotza bururatzen da. Lan horretan, itzulpenean espezializatutako hizkuntzalarien laguntza izan dute, itzulpen fidel eta teknikoena egiteko, termino egokienak hautatu eta erabilita.
Amaitzeko, balio beza hitzaurre honek eginiko ahalegina eskertu eta aitortzeko, zeinari esker beste ale bat gehitu baitzaio estatuko sistema juridikoaren oinarrizko dokumentuen bildumari, eta balio beza, halaber, bildumaren arduradunak beren lan goraipagarrian jarrai dezaten adoretzeko.

 

Esteka: Legeak-Leyes 16

Atzera
ARGITALPENAK
BALIABIDEAK
Euskara eta eleaniztasuneko errektoreordetza Euskara Institutoa Zuzenbide Fakultatea Euskal Filologia Saila Euskara zerbitzua

© 2012 euskara juridikoaren ataria

 

Arduraduna: Joseba Ezeiza Ramos, Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Saila (UPV/EHU)