Laburtzapen juridikoak

Laburtzapenak oso maiz erabiltzen dira zuzenbidearen alorreko eta administrazioko testuetan. Alabaina, euskaraz zalantzak sortzen dira maiz bai laburtzapenaren euskal formari buruz eta baita laburtzapen horiek deklinatzeko moduren inguruan ere.

Laburtzapenen inguruan maizenik izan ohi diren zalantzak argitzeko 2010. urtean Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) Laburtzapenen Hiztegia izeneko lana argitaratu zuen UZEIrekin eta IVAPekin elkarlanean. Bertan, ikur, laburdura eta sigla ohikoenak zerrendatzen dira. Horien artean zuzenbidearen eta administrazioaren alorrerako bereziki jakingarriak dira Euskal Herriko herrialdeen, hizkuntzen, egoera zibilen eta herri-izenen ikurrak; tratamendurako hitzen eta karguen laburdurak; eta erakundeen, lege-izenen eta auzitegien siglak.

Laburtzapenen dekliabideari dagokionez, bestalde, ohar eta zalantza jakingarrienak Euskal Itzultzaileen, Zuzentzaileen eta Interpreteeen Elkartearen 2ItzuL blogean argitu zituen Irene Arraratsek Siglen Deklinabidea artikulu argigarrian. Bertan laburbildu zituen estilo-liburu erabilienetan jasotako jarraibideak eta Itzul posta-zerrendan itzultzaileek egindako proposamenak.

Adibideen eta kasu berezien artean badira zuzenbideari lotutako hainbat adibide. Alabaina, lege-testuetara eta zuzenbideko testu akademikoetara jotzen badugu, erraz aurkituko ditugu Laburtzapenen Hiztegian jaso gabeko zenbait laburdura eta sigla, eta baita deklinatzeko orduan zalantzak sortzen dituzten kasu batzuk ere. Horiek biltzen hasita gaude Euskara Juridikoaren Atarian. Laster izango dugu prest eztabaidarako zerrenda landua.
______________________________________________________________________________________________________

Kategoria: Administrazioko euskara, Euskara Juridikoa, Hizkuntza-zalantzak. Gorde lotura.