Harremanetarako

Euskara Juridikoaren ataria

EHU/UPV

Aurkezpena

Web-atari hau UPV/EHUren Zuzenbide Fakultatearen Euskara Juridikoaren Mintegiaren ekimena da, UPV/EHUko beste hiru erakunderekin elkarlanean garatua: Euskara eta Eleaniztasuneko Errektoreordetza, Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saila,  Euskara Institutua eta Euskara Zerbitzua.

Euskara Juridikoaren Atariaren helburua da gizartearen eskura jartzea UPV/EHUn Zientzia Juridikoaren alorrean euskara garatzeko eta finkatzeko egiten den lanaren emaitza. Bide batez, alorreko ikasle, irakasle, ikertzaile zein hizkuntzalariei baliagarri izan dakizkiekeen euskarazko beste baliabide askoren erreferentziak ere jaso dira bertan.

UPV/EHUren Zuzenbide Fakultatea

80ko hamarraldiaz geroztik euskarak  toki esangarria izan du UPV/EHUren Zuzenbide Fakultatean. Izan ere, 1985. urteaz geroztik, gero eta aukera zabalagoa eskaini da Zuzenbidea euskaraz ikasteko. 1999. urtetik hona  osorik egin ahal izan da euskaraz Zuzenbideko Lizentziatura. Gaur egun euskaraz eskaintzen dira, halaber, Zuzenbideko zein Kriminologiako graduko ikasketak ere. 2012/13 ikasturtetik aurrera Abokatutza Masterra ere egin ahal izango da euskaraz.

Euskarazko irakaskuntza-eskaintza zabaldu eta egonkortzearekin batera, hainbat egitasmo bultzatu dira Zuzenbide Fakultatean, Zientzia Juridikoaren alorreko euskara-eredua garatzen eta finkatzen laguntzeko. Batetik, urtero prestatzen eta argitaratzen dira euskarazko ikasmaterialak. Bestetik, aurrera darrai lege-testu orokorrak euskaraz emateko Legeak/Leyes proiektuak ere. Horrez gain, hala nahi dute ikasleek Euskara Juridikoaren inguruko berariazko prestakuntza ere jaso dezakete.

Horiek horrela, Euskara Juridikoaren Atarian informazioaren eta komunikazioaren teknologiek eskaintzen dituzten aukerak erabili nahi izan dira proiektu horiei guztiei aterpe emateko; baina baita, horrekin batera, Zientzia Juridikoaren alorrean euskara garatu eta finkatzeko abian diren beste ekimen eta egitasmoen berri jaso eta zabaltzeko ere.

Asmo horretan UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateak eta Euskara Juridikoaren Mintegiak bidelagun dituzte UPV/EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Saila, Euskara Institutua, Euskara eta Eleaniztasuneko Errektoreordetza eta Euskara Zerbitzua. Legeak/Leyes proiektuan, bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Justizia Saila ere bada lankide. Zuzenbide Corpusa osatzeko, azkenik, ekarpen ezinbestekoa egin du Eusko Ikaskuntzaren Eleria aldizkariak ere.

Bihoazkie guztiei Zuzenbide Fakultatearen Dekanotzaren eskertza beren lankidetzagatik eta, bereziki, Zientzia Juridikoen alorrean euskara lekutzen, garatzen eta finkatzen laguntzeko egiten duten ahaleginagatik.

 

ARGITALPENAK
BALIABIDEAK
Euskara eta eleaniztasuneko errektoreordetza Euskara Institutoa Zuzenbide Fakultatea Euskal Filologia Saila Euskara zerbitzua

© 2012 euskara juridikoaren ataria

 

Arduraduna: Joseba Ezeiza Ramos, Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Saila (UPV/EHU)